XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arktikoko izotz lautadetan errege den hartz zuriaren atzaparretan eroritako itsas zakurraren azken arnasa entzun nuen.

Xibartek Mexikoko kostaldean amodio-jokoetan egiten dituzten jauzien lekuko izan nintzen.

Arrantzaleak eguneroko lanean laztasun eta gogortasunaren sareetatik tiratzen ari zirela sumatu nuen.

Madagaskarreko ur sakonetan dabiltzan azken zelakantoengan, eoietako nekea eta irauteko grina nahasirik igarri nituen.

Urrutiko farodorre baten argiaren kolpeak nire ametsetatik atera ninduen bat-batean.

Ibiltzeari ekin nion berriro, mingostasun apur bat gelditzen zitzaidalarik itsasoaren erritmoa galdu nuelako edo.

Paseori, aurreko gozamena ez nion jada hartzen.

Hustasuna, benetako hustasuna zen eta ez lehenagoko betetasuna.

Urratsak azkartu nituen. Portu aldera iritsi nintzenean Izar Beltzarantz zuzendu nituen pausoak, presaka.

Jendearen laguntasuna behar nuen berriro.

Tabernaren atea zabaldu nuenean, ohizko ke-boladak astindu ninduen.

Huts hutsik zegoen.

Antza, Urtezaharreko parranden ondoren urteberri arratsean taberna-zuloan sartzeak ez zuen jendeak oso gogoko.

Hondoko nire betiko mahaitxorantz joan ordez, barraraino iritsi eta han egoten diren hanka luzeko aulkietako batean jarri nintzen.

Pello zaharrak harrituta begiratu zidan.

- Gabon -esan nion.

- Baita zuri ere -arrapostu zuen.

Hizketarako gogoz zebilen nonbait.

Eskuarki, buruaz eginiko keinu modukoa izaten zen bere erantzuna.

Pitarñoa garagardo beltzez betetzen hasi zen.

Ni bederen, hizketarako gogoz nenbilen edota entzuteko besteren ezean.

Ibilaldiak lagatako kezka garratza goxatzeko sartu nintzen tabernan eta.

Horren esperoan eseria nintzen barrako aulki deseroso horietako batean.

- Mugimendu gutxi gaur, ezta? -esan nion, nolabait hasi behar eta...